Azken urteotan,
Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak,
eskualdeko udalen laguntzaz, emakumeen eta gizonen
artean dauden desberdintasunak gainditzea ahalbidetuko
duten jendarte egoerak sortzeko eta sustatzeko
konpromisoa hartu du. Berdintasunaren aldeko lanak
partekatzearen ideia barne hartuko duten dinamikak
abian paratzea eskatzen du, eta emakumeak gizonen
mende paratzen dituzten mendekotasun egoerak eta
aintzatespen eza alde batera uztea.
Xede horri
erreparatuta, Mankomunitateak 2005ean abian paratu
zuen prozesuaren lehen urratsa Bortzirietako emakumeen
egoeraren azterketa egitea izan zen; horrek, emakumeen
premiak, eskakizunak eta nahiak ezagutzeko aukera
eman zuen.
Azterketa horrek
Bortzirietako I. Ekintza Positiboko Planaren lanketa
kokatzea ahalbidetu zuen. Aipatu Planean instituzioetako
ordezkariek, talde profesionalek eta jendarte
eragileek parte hartu zuten. Plana 2006ko ekainean
onartu zen. Plan horren bitartez, arlo desberdinetatik
eta norabide berean jarrerak, ekimenak eta proiektuak
bideratzeko aukera emanen duen markoa ezarri nahi
da. Emakumeek eta gizonek zenbat eta gehiago partekatu,
orduan eta aiseago eratuko dugu justizian eta
elkartasunean oinarrituko den jendartea.
Testuinguru
horretan, 2006ko abenduan, Bortzirietako Berdintasun
Arloa abian jarri zen, Berdintasun Planean jasotako
jardueren plangintza egiteko, kudeatzeko eta ebaluatzeko
konpromisoarekin, hain zuzen.